Sorpresak gizonezkoen estropadetan. Emakumezkoetan faboritoek irabazi zuten.
Asteburu honetan estropadak izan dira Hondarribiko kirol portuan. Abuztuaren 22an, larunbata, ACT ligako Hondarribiko ikurrina jokatu zen, eta igandean, abuztuak 23, Hondarribiko XIV Promozio Estropada gizonezkoentzat, eta Txingudiko ikurrina emakumezkoen traineruentzat.
Hondarribiko kirol portuan asteburuan Hondarribiko arraunaren jai handia egin da. Hondarribiko Arraun Elkarteak antolatu du, baita bikain antolatu ere. EKPk antolatzaileekin batera jardun zuen, kirol portuak eskainiz, gauzak pentsatu bezala irten zitezen.
Eguraldi ederrarekin, larunbatean ACT ligako Hondarribiko Ikurrina jokatu zen. Orioko traineruak ezustekoa eman eta irabazi zuen, Castrori segundo bat atereaz. Hondarribia hirugarren geratu zen. Estropadan zehar, Castroko Marinera eta Ama Guadalupekoa elkarri aurrea hartzen aritu ziren denbora guztian, horiak atzetik zituztela. Azken metroetan, ordea, oriotarrak aurreratu ziren, Castrorekin norgehiagoka zirraragarria egin, eta Hondarribiko ikurrina bereganatu zuten. Santurtzi hirugarren geratu zen.
Igandean Hondarribiko Promozio Estropada egin zuten, eguraldi bikainarekin ere. Pasai Donibane trainerua izan zen garaile, Astillerori 9 segundoko aldea atereaz. Donibanekoak oso gaizki hasi ziren; lehenbiziko baliza azkenak igaro zuten, baina buelta eman zioten probari.
Aurretik, Txingudiko ikurrina egin zuten emakumezkoen traineruek. Tolosa-Getariako faboritoek irabazi zuten, Hondarribiko eta Zumaiako nesken aurretik.