Joan den abuztuaren 10ean, ‘Atalaya Berria’ izeneko itsasontziak Tía Rosario laketontziak iaz markatutako hegaluze bat harrapatu zuen.
Hegaluzea 2008ko abuztuaren 26an markatu zen 43º34’ eta 002º00’-an, eta urte bete geroago harrapatu zen 44º44’ eta 002º49’-an. 22,3 kilogramoko pisua zuen, eta 104 zentimetroko luzera.
Tunidoen markaketa funtsezko jarduera da arrain hauen migrazio-hazturak eta parametro biologikoak ezagutzeko; horrez gain, espezie horren stocka hobeto kudeatzeko aukera ematen digu.
Honela markatzen da arraina: uretatik atera ondoren, begiz ikusteko moduko marka bat jartzen zaio bizkar aldean hegaluzeari, eta datu biologikoak hartu, pisua eta luzera neurtu eta harrapaketaren datuak (posizioa, uraren tenperatura, itsasoaren egoera eta beste datu batzuk) jaso ostean, arraina uretan uzten da berriro. Baldin eta hegaluze hori berriz harrapatzen badute, markak grabaturik daroan informazioari esker, arrantzaleak arrainaren datu biologikoak eta harrapaketa gertatu den gune geografikoari doazkion datuak bidal diezazkieke zientzialariei. Datu horiez baliatuz, espezieari buruzko ezaguera berriak eskuratzen ditugu.
Marka elektronikoak ere erabiltzen dira; marka horiek garestiagoak dira eta zailagoak izaten dira arrainen bizkar aldean jartzen, baina eraginkorragoak dira.
Urte asko dira gure autonomia erkidegoko kirol arrantzaleek AZTI-Tecnaliarekin modu eragingarrian kolaboratzen dutela tunidoen markaketan, espezie hobeto ezagutzeko lan izugarria eginez.
Hegaluzeak markatu eta askatzeak arrantzaren kirol arloari eusten dio, hots, arrainarekin egiten den borrokari, halako moldez non, garaitu ondorik, berriro askatzen baita arraina itsasoan.
Hain zuzen ere, Tía Rosario ontzian tostarteko jarduten duten Kepa eta Pello Olazabalek eta AZTIko Igor Arregik, 2005eko uztailaren 25ean hegalabur bat markatu zuten eta arrain hori berriro harrapatu zuten Estatu Batuetako Massachussets-eko kostaldean 2007ko irailaren 14an. Bizkaiko itsasoan markatu zutenean, arrain horrek 68 zentimetroko luzera zuen, eta 5,5 kilogramoko pisua, eta 775 egun geroago, berriro harrapatu zutenean, 114 zentimetroko luzera zuen, eta 30 kilogramoko pisua. 3.330 itsas milia (6.000 kilometro inguru) egin zituen, lerro zuzenean kontatuta.
Tía Rosario deritzon ontziak, zortzi metroko luzera eta Hondarribiako kirol portuan amarradura duenak, alde handiz du tunidoen markaketaren errekorra Euskadin.
Aurtengo berrarrapaketa horrek garrantzi berezia dauka, gure aldean oso hegaluze gutxi arrantzatu baita aurten.