Oier Aizpuruak k-2 maratoiko segidako laugarren mundu titulua lortu du Hungarian.
Oier Aizpurua zumaiarrak bere balentrien zerrenda gizentzen jarraitzen du. Oraingo honetan, K-2 maratoi espezialitatean munduko titulu berria eskuratu du, Hungariako Györ-en aurreko asteburuan eginiko Mundu Txapelketan. Itxas Gain -Euskadiko Kirol Portuak taldeko piraguista honek munduko 4 titulu eskuratu ditu jarraian: 2004, 2005, 2006 eta 2007. urteetan. Oraingo honetan, berriro ere Manuel Busto asturiarrarekin bikotea osatuz, esprintean Guerrero eta Alonso palentziarren piraguari alde txikia atera ondoren irabazi du, azken unera arte ez baitzegoen argi zein bikotek irabazi behar zuen.
Aizpurua-Busto, 1:55:57.061 markarekin, indartsuago aritu dira azken zatian, eta berriro ere txapelketa handietan duten eraginkortasuna erakutsi dute. Lehen bi K-2en atzetik, nahiko atzetik, Salga eta Borcsok hungariarrak hirugarren iritsi ziren, Cheval eta Boulanger frantziarrak laugarren, eta Lestina eta Odvarko txekiarrak bosgarren.