EUSKADIKO KIROL PORTUA, S.A. GURUTZE-ONTZIETARAKO KAI BERRIA ERAIKITZEN ARI DA GETXOKO BARRUKO ABRAN
Barruko Abran Gurutze-ontzietarako kaia eraikitzeko obra Algortako kontradikearen paraleloan dagoen pantalan berria eraikitzean datza; itsasoari irabaziko zaion plataforma bat, Getxoko Kirol Portuko dikeari adosaturik dagoena, izango du sarbide pantalan horrek.
355 metroko luzera duen kai mistoa eratzen da, ondoko osagaiak dituena: sei kaxoi eta sei bao, argi askeko 27,30 metroko lau azpil-habe paralelok egituratuak; proiektua osatzeko, pantalanari sarbide-mihi bat ezarriko zaio, eta lur azalera, guztira, 6.750 metro karratukoa izango da.
Pantalanari dagokion obra zehatza hondoa dragatuz eta kaxoien zimentazio-aulkia betez hasten da, eta itsasotik eta itsas baliabideak erabiliz burutuko da; aldi berean, hormigoizko kaxoiak eraikitzen hasiko dira Santurtziko kaian, eta ondoren, behin betiko kokagunera garraiatu eta bertan moilatuko dituzte.
Ontzien atrakatzeari dagokionez, babeskaiak jarriko dira, defentsa bakoitzari dagokion ezkutu eta guzti, 200 tonako mutiloiekin batera.
Lehorreko aldean, betelana egingo da, +7,00 metroko kotan jarriko den zoladurarekin amaitzen dena. Bestalde, egungo dikearen gainean itxiko den dike perimetrala egingo da; Dike hori harri-lubetazko babes-geruza nagusiak, bigarren mailako geruzak eta oro bateko guneak osatzen dute.
Obrak joan den martxoaren 14an hasi ziren, eta aurtengo urriaren 13an amaitzea aurreikusten da; horrenbestez, obrok burutzeko aurreikusi den epea zazpi hilabetekoa da.
Obra burutzearen ardura duen kontratazioduna Ferrovial – Agruman enpresa da.
Gaur egunean (2005eko ekainean), amaituta daude ia dragaketa osoa eta kaxoiei eusteko aulkiko harri-lubetazko betelan guztiak; bestalde, hasita dago pantalanera sartzeko plataformari dagokion oro bateko betelana, lehorreko baliabideak erabiliz. Aldi berean, eta lan horiekin batera, kaxoiak eraikitzeko urpeko plataforma prestatu da, eta horietariko lehena hormigoiz betetzen hasi.